Nortzuk gara?

Munduan, Euskal Herrian eta batez ere gurean; Uribe Kostan nekazaritza lurren eta ama-lurraren txikizio “arduratsua” jasaten gaude. Egun dagoen merkatu eta merkantilismo eredu industrial-masifikatuak ez du gure elikagaiak ekoizteko behar den gardentasuna erakusten.
      Hemen biltzen garenok argi daukagu horren aurrean badagoela gauzak ama-lurrak eta herriak merezi duen bezala egiterik. Alternatiba, gure arteko sareak eraikitzean datza, bertakoa, sasoikoa eta garbia den hurbileko harremanean oinarritzen den sistema garatuz.
      Elkar laguntza oinarri hartuta, elikadura burujabetzaren bidean proiektu komun bat abian jartzeko sortzen da Uribe Kostako Agroasanblada. Nekazariak, kontsumo arduratsua egin nahi dugun kontsumitzaileak, ama-lurraren defentzaren alde egiteko prest gaudenak, auzolanaren filosofia berreskuratzean sinesten dugunak... gogoeta ezberdinetatik abiatuta bildu garen emakume-gizonak osatzen dugu Agroasanblada. Eta zuretzako lekua ere badago, elikadura burujabetzaren bidean lan egiteko prest bazaude.
      Azken hamarkadetako bilakaerak, baserritarrak desagerrarazi eta industria-agroalimentarioa indartu du. Lurren espekulazioak eta porlanaren boom-ak ez du oreka logikorik errespetatu. Espekulazio basatiak, luxuzko etxebizitzek eta inguruan eraikitako azpiegiturek gure lur emankorrenak betirako suntsitu eta desagerrarazi dituzte.
      Baina lurrak beharrezkoak dira iraunkortasunaren legea ez apurtzeko.
      Pribatizazio eta negozio guneak bihurtu dituzte denonak diren lurrak, gure lurrak. Uribe Kostako Agroasanblada osatzen dugunok lurrak kudeatzeko beste eredu baten alde lan egin behar dugula deritzogu. Autosufizientziaren eta elikadura burujabetzaren esangura eta praktikotasuna, gizarte osoari zabaldu beharra dago, apurka-apurka guk geuk eraiki eta saretutako eredu iraunkor bat osotzeko.
     
      Gaurko azokarekin gure proiektua aurkeztu eta lau haizetara zabaldu nahi izan dugu. Uribe Kostako lagunek ikus dezazuen zertan gabiltzan eta, gogoak izanez gero, gauzak beste modu batera egiterik badagoela erakusteko.
      Hazia ereinda dago baina arbolak elikatzen jarraitu behar du, zabaltzea eta parte hartzea funtsezkoa da behar diren fruituak jaso ahal izateko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario